Adin desberdinak elkarrekin jolasean
Ikasturte honetan, ikasle-belaunaldi desberdinen arteko truke-esperientzia jarri dugu martxan ikastetxean.
Helburua da elkarrekintzan Batxilergoko ikasleek eta Haur Hezkuntzako ikasleek onurak izatea. Gainera, gela eta maila desberdinetako Haur Hezkuntzako ikasleak elkarrekin jolasten ohitzen dira eta, horrela, guztien artean sortzen dira harremanak.
Ikasle nagusiek astero joaten dira jolastokira eguerdian, eta andereñoek prestatutako materiala izaten dute bertan, haurrak jolas horietan irakatsi eta antola ditzaten. Jolasak tradizionalak eta sinpleak dira, esate baterako, “Zapitxoa”, “Zapatilak atzetik”, “Antzara”, “Lau izkinatxoak”, “Bat, bi, hiru karabimbomban”, futbola, nola ez!, eta abar. Ikasle txikienek batzuetan ez dituzte jolas horiek ezagutzen eta oso onuragarriak dira haientzat, txandak errespetatzen, itxaroten eta parte-hartzen ikasten baitute. Horretaz aparte, koordinazio motorra eta arreta jartzeko gaitasuna bezalako trebetasunak hartzen laguntzen diete, eta beste modu batera jolasteko gogoa zabaltzen zaie.
Baina nagusiek ere haien etekina ateratzen dute. Adibidez, erantzukizunez planifikatzen ikasten dute, euskarazko komunikazioa praktikatzen dute, enpatia garatzen dute, etab.
Astean behin Haur Hezkuntzako jolastokira jolastera joaten diren ikasleak boluntarioak dira. Konpromisoa eskatzen zaie: hitzordura huts ez egitea (gaixorik edo azterketa garaian egon ezean), 4 eta 5 urteko haurrak ilusio handiz baitaude zain.